Galbahe taldea gara:

  • Lander Bilbao: Ahotsa, gitarra.
  • Mariana Blanco: Biolina.
  • Rafa Rueda: Baxua, gitarra, teklatuak.
  • Urdin Baraiazarra: Mandolina.
  • Uxue Garcia: Biolina.
  • Gotzon Barandiaran: Ahotsa.

Eta kilkerbatzan lagun izan ditugu:

  • Amets Aranguren: Ahotsa (Bakean elkarbizitzerik, Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko).
  • Gaizka Sarasola: Ttunttuna eta xirula (Txoritxu txilibitaria).
  • Gorka Urbizu: Ahotsa (Bakean elkarbizitzerik, Ez zaitut behar beste zaindu).
  • Maia Iribarne: Ahotsa (Bakean elkarbizitzerik, Aylan).
  • Nahasketa eta masterizazioa: Jose Lastra Elorriaga.
  • Ekoizpen artistikoa: Rafa Rueda eta Gotzon Barandiaran.
  • Zuzeneko soinu teknikariak: Igor Erzilla eta Joseba Ortuzar.
  • Diseinua: Alots Arregi.

Mungiako Larrabizker estudioan grabatu genuen 2025eko ekainean hasi eta urriaren amaiera bitartean. Mariana eta Uxueren biolinak Urdulizko Tio Pete estudioan jaso genituen.

Berba guztiak Galbahea poema liburukoak dira salbu eta Wafa kantakoak. Horren berbak Koldo Izagirrek sortu zituen (https://susa-literatura.eus/liburuak/poes4434).

Musika: Taldekide guztion artean ondu genituen. Ametsek, Gorkak eta Maiak grabatu aurretik genituenak hobetu zituzten.

Txoritxu txilibitaria, garia ereiteko Larrabetzun kantatzen zuten doinua da. Angeles Olealdekoari eta Maria Elosegiri ikasi genien: https://ahotsak.eus/larrabetzu/pasarteak/lar-001-003/. Belatzarenari piezaren doinua herriarena da, Xiberutarrei ikasi dieguna. Gaizka Sarasolak beretik moldatu zituen biak.

Wafa kantarena Tapia eta Leturiarenetik moldatu dugu.

Galbahea poema liburua irakurri edota entzuteko: https://susa-literatura.eus/liburuak/poes96

Ezkerrak: Etxekooi, maite zaituztegunoi, maite gaituzuenoi. Amets, Gaizka, Gorka eta Maiari. Lastrari. Susako Leire, Itziar, Josu eta Mikeli. Euskarazko kulturgintzan lanburkide zaituztegun guztioi. Poesia eta kantua maite dituzuenoi.

Euskalduna izatea ez da aski

Euskaldunak izatea ez da asko

Euskalduna ez da aske

Ez gara dena ahazteko
nahikoa biziko
2025
GALBAHE
ordaindu nahi duzun kopurua:  

00:00
  1. Txoritxu txilibitaria / Belatzarekin (05:17 / 00:00)

 

gure ama bere amaren antzera

beste emakume eta ama askoren antzera

sufrimenduaren harri-jasotzailea izan zen

 

maitatzeko modu bat

galdu dut bat-batean

alboan egoteko

gorpuzkera bat

 

nor den naizen hau

zer iragazi dugun

zeri galarazi diodan sarrera

zeri esan nion ezetz betiko

betiko ama baino ez zela uste nuenean

 

zuk badakizu

argitu egidazu zer gertatzen den

gure hizkuntzarekin

gauzak izendatzeko modu bat desager liteke

        euskalduna izatea ez da aski

        euskaldunak izatea ez da asko

        euskalduna ez da aske

 

jendea desagertu egiten da

lehenik mundutik

gure oroimenetik ondoren

hiltzen dugun jendeak

luzaroago irauten digu

 

bere burua galtzen du

itzultzeko premiarik gabe

eginez egun bizitzea baino ez ei da

eginero bizitzea

egin oro bizitzea

 

  2. Bakean elkarbizitzerik (03:19 / 00:00)

 

ez dut lortzen isildutakoekin bakean elkarbizitzerik

bizirik dirauten urruneko heriotzek

etengabe gogorarazten didate

gure hildakoak lurrazalean dautza

ametsetan errugabe epaitzen dut neure burua

 

  3. Ez zaitut behar beste zaindu (03:52 / 00:00)

 

ez zaitut behar beste zaindu ez zaitut merezi bezala jagon

eman zenidan horrenbesterekin banizun nola mamitu maitasuna

ez zaitut behar beste zaindu ez zaitut merezi bezala jagon astia banizukeen eta niretzat gorde dut ikasi nizuna niretzat zure denbora guztia zuretzat ezta hondarrik ere

 

  4. Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko (03:52 / 00:00)

 

nahi zenuke zure mina neure egitea baina zure mina ez da nirea

nahi zenuke zure hitzez gaitzestea baina zure hitzak ez dira nireak

nahi zenuke gorrotoz bizitzea baina zure gorrotoa ez da nire nahi zenuke neure burua zigortzea baina zure zigorra ez da ez da nirea

nahi zenuke zure egia buruz ikastea baina zure egia ez da nirea

ez dakit kontsolagarri izango zaizun baina zinez diotsut

ez gara dena ahazteko nahikoa biziko ez gara dena ahazteko biziko

 

  5. Galdutakoaren bila bazatoz (04:40 / 00:00)

 

galdutakoaren bila bazatoz

beste giltza batzuk ekarri aldean

zabalik utzi zenuen etxea

urteak dira alargundu zela

 

orain ez du sarrailarik xerkatzen nahiago ditu leihoak aukeran iraultzaileen maitemin ustelak eguzkitan biziberritzekoak

 

berdaturik dituzu beratzen utzitako ametsak aiduru dituzu artega ezkaratzean

 

aitaren heriotzaren ostean amak indartu zituen habeak aitita jaio aurretik amamak iraunarazi zituen berberak

 

ongi etorria jasoko duzu omenaldia tematzen bazara jendetza dago zain itxarongelan hormarik ez duen etxe honetan

 

berdaturik dituzu beratzen utzitako ametsak ihesi doazkizu galdu zenituenak gogoan

 

  6. Aylan (04:29 / 00:00)

 

argazki erdian ahuspez

ur-bazterrean bizkarrez

beso eta hankak luze

gorputzari itsatsita

sehaska umel batean

masaila harea artean

lo-kukuan ote zaren

galdezka dut lotsaizuna

 

zer entzuten duzu Aylan

harea ale bakoitzean

zenbat erru zenbat damu

zenbat bihotz durduzatu

kontzientziaren abaroan

aiherga direnean baitan

eta zerk kezkatzen zaitu

horren hilik horren mutu?

 

  7. Ni ez naiz ezeren inoren akats (03:12 / 00:00)

 

ni ez naiz ezeren inoren akats garai bat baizen gehiago dira nireak berbarako gaurko hau eta datorkeena

 

txarrantxak hipotekak balio erantsien zergak harresiak gabeziak laikoen mezak esklaboen gaineko enpresak oporren arteko kexak

 

ez dago lanaldi osoz bizitzerik horrela

 

  8. Lorratzak (04:42 / 00:00)

 

norenak dira oinatzak hor dauden lorratzak gorputz arrastoak nork utzi ditu aztarnak horren agerian, denon ohargarri jitoan dabilenari keinuka ari den itsasargia dirudi bideseinale aratza itzuli nahi lukeen alderraiari

 

norbera dabilen bidean dago askatasuna geuretzat nahi genukeena argitu behar dugu inorentzat

onik iristeko esperantza

 

norbera dabilen bidean dago askatasuna geuretzat nahi genukeena argitu behar dugu inorentzat

onik iristeko

 

  9. Labirintoan (04:59 / 00:00)

 

atea zabalik utzita joan zen

giltzak kanpotik dingilizka

eskailburutik begiratu

oihu egin eta ausarki

jaitsi zituen eskailerak

zazpinaka agidanean

orkatila bihurrituta

herren hasi zuen bidaia

 

labirintoa bilatu zuen

bidegabea ulertzeko

irteera aurkitu ordez

luberriak ongarritzeko

laborria iragazirik

arrunkeria bihurtzeraino

errekan gora abiatu zen

jauzika iturbururaino

 

apropos sartu zen galsoroan

oinetakoak erantsita

urteak egin zituen oinez

denen bistan desagertuta

lokatzetan baretu nahirik

porrotaren osteko azkura

besaulkia txikitu zuen

menostu guztiak gogoan

 

apropos sartu zen galsoroan

 

10. Pagaburuko tontorra (04:20 / 00:00)

 

garoan kirikolatza (bis)

uzkurra eta baratza

beharrik ez dugunona

hain da bizimodu latza

hain da bizimodu latza

garoan kirikolatza

 

zeru beltzean izarra (bis)

pinu artean lizarra

garenaz harrotzerako

zurituko zait bizarra

zurituko zait bizarra

zeru beltzean izarra

 

larrazkeneko langarra (bis)

begi ertzeko makarra

ez dago etorkizunik

ailitza gezur bakarra

ailitza gezur bakarra

larrazkeneko langarra

 

Pagaburuko tontorra (bis)

garrik gabeko txondorra

goikoaren esku fina

latza behekoaren lorra

latza behekoaren lorra

Pagaburuko tontorra

 

usaintsua ereinotza (bis)

nardagarri bekorotza

utopiak ezinari

daragio heriotza

daragio heriotza

usaintsua ereinotza

 

lorategian asuna (bis)

zikinarentzat gatzuna

galtzaileak lizundu du

herriaren maitasuna

herriaren maitasuna

lorategian asuna

 

11. Wafa (azkenburukoa) (03:51 / 00:00)

 

Wafa Idris in memoriam

 

oliba mikatza izanda

nahi zenuke gozoan

gozotasun horregatik

maite zaitut osoan

 

kufiya lepoan

horra zein gazte doan

Wafa! Wafa! Wafa! Wafa!

sua bihotzondoan

 

kufiya lepoan

horra zein heldu doan

Wafa! Wafa! Wafa! Wafa!

sua bihotzondoan

 

pikondo errea izanda

nahi zenuke hostoan

hostotasun horregatik

maite zaitut osoan

 

kufiya lepoan

horra zein astun doan

Wafa! Wafa! Wafa! Wafa!

sua bihotzondoan

 

kufiya lepoan

horra zein arin doan

Wafa! Wafa! Wafa! Wafa!

sua bihotzondoan

 

mahasti zapaldua izanda

nahi zenuke mulkoan

harrotasun horregatik

maite zaitut osoan

 

kufiya lepoan

horra zein apal doan

Wafa! Wafa! Wafa! Wafa!

sua bihotzondoan

 

kufiya lepoan

horra zein harro doan

Wafa! Wafa! Wafa! Wafa!

sua bihotzondoan

 

etxe apurtua izanda

zutik zaude ukoan

osotasun horregatik

maite zaitut osoan

 

kufiya lepoan

horra zein lerden doan

Palestina! Palestina!

sua bihotzondoan

 

kantuz naramala

hautsia du hegala

Palestina! Palestina!

erdiminez Ramallah

 

01¬02¬03¬04¬05¬06¬07¬08¬09¬10¬11¬
Fase honetan, elementuak ezabatzeko aukera ez dago erabilgarri.
/galbahe